XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IPUIN BELTZAK. Betirako bakea

Turutotsa entzun zen.

Momentu berean, Gomezovarena Jeneralea tribuna erdian agertu zen.

Bertan zeuden militarrak, zutik jarri ziren.

Jeneralea agurtu zuten, ezkerra kapelaren ertzeraino arinki jasoz.

Plaza haundian oihuak entzun ziren: Gora Gomezovarena gure Jeneralea! Goraaa!.

Jeneraleak herria agurtu zuen, eskuina mugituz, kristal garbitzaileek eskua mugitzen duten bezala.

Gomezovarenaren begi txiki zorrotzek betaurreko ilunen atzean diztira arraroak egin zituzten.

Baina xehetasun hau ez zen behetik plazatik ikusi.

Gora oihuak hor han hemen entzuten ziren.

Nazioko ereserkia jotzen hasi zen bada militar bat.

Plazan isiltasuna egin zen.

Ereserkia amaitzean, gora oihuak entzun ziren berriro.

Eskoletako umeek, lerrokaturik, banderatxoak altxatu zituzten.

Jeneraleak mikrofonoa eskuan hartu zuen, eta, berriro, isilik egoteko eskatu zion bere herriari.

Isiltasuna egin zen, nahiz eta noizbehinka fanatikoek Gomezovarenaren izena aldarrikatu Herri maitea! Hemen nago berriro, zuekin egun eder hau ospatzeko prest... esan zuen Gomezovarenak.

Ba dakit, orain arte zuekin gogor samarra izan naizela. Batzuk diktadoretzat hartu naute, bai. Baina nik eta nire militar lagunek erabili dugun gogorkeria behar beharrezkoa izan da, zuen bakea zaintzeko eta geure Aberria beraren arerioen kontra defendatzeko. Gogorkeria, beharrezko gogorkeria, gaur berton amaituko da, hala ere. Gaurtik aurrera ez dugu gogorkeriarik beharko...

Plazan, emozioa ezin haundiago bihurtu zen.

Umeek banderatxoei sutsuki eragin zieten berriro.

Serora baten begiak malkoz bete ziren, Jainkoak bidalitako gizona dugu hau, benetan. Bedeinkatua, bedeinkatua! esaten zuen bitartean.

Gaurtik aurrera ez dugu gogorkeriarik erabiliko errepikatu zuen Militarren Militarrak, eta, gure asmo honen froga bezala, hara gaurko desfilea! Desfile hontan herri osoak hartuko du parte: langileek, oposizioko politikariek, emakumeek, umeek, sindikatuek, alderdiek... Guztiak desfilatuko dira, bai eta oposizioan gure kontra urte luzetan burrukatu dutenak ere. Bakea nahi dut, bakea gura dugu!.

Jenerale bakezalearen hitz eder hauk entzutean, nork negarrik egin ez? Gora oihuak eztarrietan itotzen ziren.

Bakea, azkenean! Eta bakea, benetako bakea, defendatzeko, gure gudalozte heroikoak emango dio desfileari bukaera.

Eta orain aurrera! Has dadila desfilea! agindu zuen Gomezovarenak.

Umeek, musika militarraren erritmoari jarraituz, beren pausoak plazaren atzeko aldera zuzendu zituzten.

Plazaren atzeko aldean, orma haundi batetan, Gomezovarenaren irudia ikusten zen, Betirako Bakea Herriarentzat esloganaren azpian.

Umeen atzetik, fraideak, serorak eta apezak talde haunditan heldu ziren.

Tribuna aurretik pasatzean, Gomezovarenari bedeinkapenak eman zizkioten, airean gurutze saindua eginez.

Hauen atzetik, pankarta haundiak zeramatzatela, oposizioko talde politikoak heldu ziren plazara.

Pankartetan honelako esaldiak ikusi genituen: Bakea Gomezovarena bakezalearentzat!.

Guztiok bakea nahi dugu!, Geure harmak lurperatu egin ditugu, Guztiok bakearen alde, etab.

Gomezovarenak sutsuki agurtu zuen oposizioko jendea, bi besoak V itxuran jasoz.

Tribunako militarrei keinu egin zien Jeneraleak, eta militar guztiek ere oposizioa agurtu zuten.

Eta berdin langileria, tribuna aurretik pasatu zenean.

Langileen bandera gorriak airean nabarmentzen ziren.

Langileen atzetik, herri osoa zetorren: andreak, agureak, umetxoak gurasoen besoetan, noski, familia bakoitzeko zakur, txori eta katuak.

Herri osoa plaza haundian batu zen.

Herri osoa, Gomezovarenaren aurrean bildurik! Nork esan ote zuen, Jeneralea diktadore zela?

Orduan hasi zen desfilearen bigarren partea.

Soldaduak hasi ziren desfilatzen.

Lehen lerrokadak plazara heldu zirenean, herri osoak oihu haundi bat egin zuen: Gora gudalozte herritarra!.

Goragailuen bidez, militarren oinhotsek zeru-lurrak biziki iharrosi zituzten.

Soldaduen pausoek plaza osoa erritmoz bete zuten.

Airean hegazkinak bake txoriak legez iragan ziren.

Soldaduen atzetik, paramilitar taldeak heldu ziren plazara.

Bai eta Gomezovarenaren polizia sekretuak ere.

Polizia hauk lehen aldiz agertzen ziren herriaren aurrean.

Polizien plakek eta pistolek eguzkipean diztiratzen zuten.

Gora polizia herritarra! oihukatu zuen herriak.

Baina herriaren boza gurtarmatuen zaratak ito zuen.

Gurtarmatuak burdinazko gurdi ikaragarriak plazarantz abiatu ziren.

Lurra dardarka hasi zen, lurrikara baten indarpean bezala.

Gurdien burdinazko kateek txinpartak botatzen plazako basaltozko zoluaren kontra.

Kanoien zulo beltzek bazter guztiak mehatxatzen zituzten.

Desfilea amaitu da.

Herria eta harmada elkarrekin bildu dira plazan.

Azken gurtarmatua bere tokira heldu da.

Hura bai ikuskizun miragarria! Bakearen irudi berbera.

Gomezovarena Jeneraleak berriro hartu du mikrofonoa.

Herri maitea! dio Militarren Militarrak.

Gora! dio herriak.

Herri maitea! Gaurtik aurrera benetako bakea izango dugu guztiok.

Helburu zail hau lortzeko bidea aurkitu dut.

Nola? Hara nola!!.

Herriak Gomezovarenari adi adi begiratzen dio.

Jeneraleak keinu egin die plazan dauden militarrei; eta hauek, makina zehatz bat bezala, harmak kargatu dituzte.

Gurtarmatuek beren kanoiak herrirantz begira jarri dituzte.

Airean hegazkinak arrano beltzak legez dabiltza.

Hara nola!! oihukatu du berriro Jeneraleak.

Eta orduan sortu da plazan sua eta ifernua.

Harma guztiak tiroka hasi dira.

Herria dagoen tokian, Gomezovarenaren irudi haundiaren azpian, odolezko laku bat egin da.

Odol artean ukabil batzu Gomezovarenaren kontra jaso dira, baina alferrik.

Tribunako militarrak barre algaraka ari dira.

Azken tiroa entzutean, tribunan txanpan botileen kortxozko tiroek benetako eta betirako bakea agurtu dute.